Begoña Arroyo Aldekoa
Begoña Arroyo Aldekoa | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Uribarri eta Bilbo, 1931ko abenduaren 5a (92 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | dantzaria eta irakaslea |
Kidetza | Salbatzaile Dantza Taldea Euskal Dantzarien Biltzarra Dindirri |
Begoña Arroyo Aldekoa (Begoña, Bilbo, 1931ko abenduaren 5a) dantzaria eta euskal dantzen irakaslea da. Euskal dantzak lantzen dituen Salbatzaile Dantza Taldea sortu zuen 1978an Bilboko Castaños kaleko auzoan, Begoñaibarran.[1][2][3][4] Gaur egun, talde hori aktibo dago, eta lehen egunean bezain indartsua da.
Euskal dantza gizarteratzeko eragile nagusietako bat izan da Bilbo aldean. Bilboko eskoletan dantza sartu zuen 1980ko hamarkadan.[5] Eta bera izan zen Bilbon egiten diren Olentzeroren desfilearen eta Santiagoko plazako erromerien sustatzaile nagusia.[5]
Dantzaria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begoña Arroyo neskatila zela hasi zen dantzatzen. Guztia Uribarrin hasi zen, Begoñak 12 urte zituenean. Garai hartan, Olaeta eta bere taldea auzora joaten ziren dantzak erakustera eta haiekin ikasi zuen Begoñak dantzatzen. Gerora La Aneja eta Dindirri taldeetan ibili zen, eta talde bi horiekin Bizkaiko txoko askotan ibili zen.[2][4]
Urte haietan garatu zuen bere dantzari ibilbidea, Kontrapas bezalako koreografia berriak ikasi eta ekarri zituen bere bi taldeetara. Madrilen dantza lehiaketa bat egon zen, Arroyo Anejako taldearen ordezkari izan zen orduan; esperientzia atsegina izan zen; hango giroan Kontrapas dantzatzen ikasi eta Dindirri taldean irakatsi zuen gero.[2][4]
« | Ni La Aneja parrokiakoa nintzen, eta Olaeta bertara joaten zen haur nagusiago batzuei dantzak erakustera, ni ikusten geratzen nintzen, ikasteko, eta, ondoren, Anejako nire taldeari dantzak erakutsi ahal izateko, xehetasun guztietan adi-adi egoten nintzen. [...] Taldeak ez zuela asko iraungo pentsatzen genuen, urte gutxi batzuk besterik ez, baina ahaleginari esker lortu dugu gaur arte eustea. [...] Eta horrela, apurka-apurka, dantza egiten eta hainbat parrokiatan irakasten hasi nintzen, antzina dantza-talde guztiak parrokietan baitzeuden. Orduan talde berri asko sortu ziren. [...]
Dindirri Athletic bezalakoa zen, talde bakoitzetik dantzaririk onenak aukeratzen zituen, nik 16 urte nituen sartu nintzenean |
» |
Euskal dantzetan irakasle eta antolatzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte batzuk geroago, 1978an, Arroyok Salbatzaile dantza-taldea sortzea erabaki zuen seme-alaben laguntzarekin (Begoña, Alberto, Gontzal eta Yolanda Lopez Arroyo). Ilusio eta ahalegin handiz urte askoan zehar zuzendu zuen taldea gero. Hasieran, jotak eta Begoñak zekizkien dantzak erakutsi zizkien auzoko haurrei. Laster lortu zuen entseguak egiteko toki bat, ordu-erdiz astean, El Salvador parrokiako lokaletan. Taldeari “Salbatzaile” izena eman zion (parrokiaren izena euskaraz), eta Euskal Dantzarien Biltzarrean federatu zuen, herrietako festetan eta Dantzari Egunean parte hartzeko.[2][4]
Parrokian denbora bat eman ondoren, taldea entseatzen hasi zen Bilboko Udalak auzoko merkatuan utzitako lokal batean. Bertara gero eta jende gehiago hurbiltzen zen lokalera dantzak ikastera. Auzoko festetan ateratzen ziren ahalegin handia eginez, dantzazaleen arteko transmisioa bete-betean zebilen. Geroago, Castaños kaleko lonja batera joan zen Salbatzaile, eta gaur egun ere han dira entseguak. Taldekoak ez diren baina dantzan ikasi nahi duten 16 urtetik gorako pertsonentzako ikastaroak eskaintzen dituzte, batez ere erromerietarako dantzak irakasteko. 2014an, taldeak 200 kide inguru izan zituen, sei urtetik gorako haurrak eta helduak. Lehen Bilbon 15 talde zeuden eta orain 3 edo 4 besterik ez.[2][4]
Antolatzaile moduan azken urteetan Arroyo kexu ibili zen jasotzen dituzten laguntza urriengatik. Aurreko urteetan hobeto funtzionatzen zuten ezkontzetan dantzatuta materialak erosteko dirua ateratzen baitzen, baina ezkontza kopurua asko jaitsi zen, eta, halakorik zegoenean, aurreskulariari bakarrik ordaintzen zitzaion. Hala ere, taldea aurrera atera zuten: urteetan bildutako material ugari zeukan taldeak (jantziak, arkuak, ezpatak, makilak, musika-tresnak...), urtean kuota bat kobratzen hasi ziren haur bakoitzeko, eta horrekin batera, loteria saltzen zuten eta Udalak kopuru bat ematen zien Santiagoko erromeria antolatzeko.[2]
Euskal dantzei lotutako bizitza oso baten ondoren, txikienei irakasten eman ditu Arroyok azken urteak; izan ere, Arroyoren ustez dantzek garrantzi handia dute haurren heziketan, monitoreek ezer kobratu gabe irakasten dute, den-dena egiten dute artea eta gure lurra maitatzeagatik, oso garrantzitsua da espiritu horri eustea. Euskal dantzek orokorrean arazoak izan dituzte azken urteetan mutilak erakartzeko. Baina Salbatzaile taldeko antolatzaile moduan Arroyok beti azpimarratu du taldeak auzoan jasotzen duen erantzun ona.[2] Esate baterako, 2017ko inauterietan 270 lagun ibili ziren auzoko kaleetatik dantzan, 2018ko inauterietan 400 pertsona mugitu zituzten, haur, heldu, musikari eta jostunak kontuan hartuta, eta horrela urtez urte.[6]
Begoña Arroyo eta Alberto Lopez dantzarien lau seme alabek lotura estua eduki dute Salbatzaile taldearekin, eta azken biak, Gontzal eta Yolanda, izan dira taldearen gidaritza hartu dutenak eta gaur egun hor ari dira.[7][6]
« | Gaur egungo gazteek oraindik ere interesa dute dantzekiko, baina adin batzuetan galdu egiten dute, beste kirol batzuk aukeratzen dituztelako, hala nola futbola. Hala ere, gu beti izan gara gazte askorekin, eta utzi zuten batzuek itzultzeko gogoa dute gero. Gure auzoak beti erantzun du oso ondo, sinestezina da 200 pertsona herri-dantzan ikustea, haurrek erreferentziako nagusiak dituzte eta hori oso garrantzitsua da | » |
Euskal dantza gizarteratzeko eragilea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Dantzari izatea, dantza-irakaslea izatea, “Salbatzaile” taldearen sortzaile eta dinamizatzaile izatea ez zen nahikoa eta Bilboko eskoletan dantza sartzeari ekin zion 1980ko hamarkadan. Begoñaren ustez haur guztiek zortziko bat, jota bat... dantzatzen jakin behar zuten. Monitoreak koordinatu ziren, horretarako baimenak lortu ziren, eta horrela pixkanaka sartu ziren dantzak eskoletan. 1981/82 ikasturtearen inguruan, hasierako unean, gogo handia zegoen, eta 1985ean gehiago zabaltzen hasi ziren. Udalak berak kudeatu zituen, 1980 eta 1990 artean, eskolen eta dantza-taldeen arteko harremana.[2]
Gainera, nabarmentzekoa da Begoña Arroyo izan zela Gabonetan Bizkaiko hiriburuan egiten den Olentzeroren desfilea ateratzea sustatu zuena. Hark banatu zituen Dantzariak aldizkariaren aleak eskoletan, hark instituzionalizatu zituen Santiagoko plazko erromeriak, eta arrakasta handiarekin irauten dute urtez urte.[2]
Landutako Dantzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1978an hasita hauek dira Salbatzaile Dantza Taldeak landu eta plazaratu dituen dantzak:
- Bizkaia: Kaixarranka, Lanestosa, Atorrak eta Lamiak, Zinta-dantza, Arku-dantza, Sagardantza, Kontrapas, Sardinerak, Dantzari-dantza osoa (agintariena, ezpatajoko txikia, banangoa, binangoa, ezpatajoko handia, zortzinangoa, makildantza eta txotxongiloa edo txakarrenkoa), Eskudantza, Aurresku, Jota, Arin-arin, Zozo-dantza, Zazpijauzi, Zahagi-dantza.
- Araba: Txulalai
- Gipuzkoa: Sorgin Dantza
- Nafarroa: Lantz, Larrain dantza...
- Lapurdi: Lapurdiko kaskarotak
- Zuberoa:Maskarada
Aratusteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urtero, Salbatzaile Dantza Taldeak Euskal Herriko aratuste desberdinak plazaratzen ditu. Hauek izan dira 2014-2023 urteetakoak:
Urtea | Aratustea | Lekua |
---|---|---|
2014 | Kaskarotak | Lapurdi |
2015 | Behenafarroa | Nafarroa Beherea |
2016 | Lantz | Lantz, Nafarroa |
Sorgin Dantza | Lasarte-Oria, Gipuzkoa | |
Atorrak eta Lamiak | Mundaka, Bizkaia | |
2017 | Lantz | Lantz, Nafarroa |
Sorgin Dantza | Oria, Gipuzkoa | |
Atorrak eta Lamiak | Mundaka, Bizkaia | |
2018 | Lapurdi | Lapurdi |
2019 | Atorrak eta Lamiak | Mundaka, Bizkaia |
Lapurdi | Lapurdi | |
2020 | Behenafarroa | Nafarroa Beherea |
Zaku Zaharrak | Lesaka, Nafarroa | |
2021 | COVID-19a dela eta, bertan behera utzi zen. | |
2022 | COVID-19a dela eta, bertan behera utzi zen. | |
2023 | Sorgin Dantza | Oria, Gipuzkoa |
Momotxorroak | Altsasu, Nafarroa | |
Lapurdi | Lapurdi |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Salbatzaile dantza taldea (Kastaños-Bilbao)» Dantzagune (Euskal Dantzarien Biltzarra) (Noiz kontsultatua: 2023-02-26).
- ↑ a b c d e f g h i j (Gaztelaniaz) Martínez, Cristina. (2016). «Begoña Arroyo, fundadora del grupo Salbatzaile de Castaños» Dantzariak (Euskal Dantzatien Biltzarra) 61: 74..
- ↑ (Gaztelaniaz) Pérez, Joana. (2018-12-01). «Aprendiz desde la ventana» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-05-29).
- ↑ a b c d e Basurto, Jose. (2013-11-25). «'Salbatzaile' de la danza» dantzan.eus eta Deia (Noiz kontsultatua: 2024-05-29).
- ↑ a b (Gaztelaniaz) Martínez, Cristina. (2016). «Begoña Arroyo, fundadora del grupo Salbatzaile de Castaños» Dantzariak (Euskal Dantzatien Biltzarra) 61: 74..
- ↑ a b c dantzancom. «Un grupo de danzas muy familiar» dantzan.eus (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).
- ↑ (Gaztelaniaz) GORRITI, I.. (2012-06-26). «Un nacionalista a quien no borraron ikurriñas» Deia (Noiz kontsultatua: 2024-11-21).